53 Entzumenaren sentimenak

Zehar #53

53 Entzumenaren sentimenak

Entzumenaren perspektibak era askotakoak dira, mugagabeak. Mundua, eta ondorioz soinu ingurunea, etengabe aldatzen doala onartzen badugu, entzuteko moduak ere ezin dira berberak izan. Paisaia aldatu da, gero eta soinu berri, ezezagun gehiago dugu gure inguruan, soinuak gure bizitzetan gero eta presentzia handiagoa du, eta nahitaez jakin-min handiagoa pizten du guregan.

Ondorioz, azken urteotan soinuaren birjaiotze kultural gisako baten testigu izan gara. Teknologiak ere noski, aldaketa hauetan zerikusirik izan du, soinua eta musika ulertzeko modua birdimentsionatu baitu. Eramangarritasuna, soinuaren fisikotasuna eta hau prozesatzeko aukerak ekarri ditu, eta soinua aurkezteko nahiz lantzeko moduak zabaldu. Arte sonoroak, orain dela gutxi arte, museoetan ia zokoratuta egon den alorrak, urrezko sasoia bizi du eta soinua protagonista duten erakusketak maiz aurkitzen ditugu.

Batzuek, tresnei erreferentzia eginez, aro post-digitala deitu nahi izan diote garai hauei, baina gaur egungo egoerak gehiagorako ere ematen du, aise gainditzen baitu tresnarekiko lotura soila.

Hala, garbi dago orain arte musikarekin eta soinuarekin batera edo honen barruan ulertu dugun hainbat kontzeptu airean gelditu dela, noraezean. Edo behintzat, aspaldian ukitu ez diren hainbat ideia berriz mahai gainean baita kolokan jartzeko ere balio izan du. Entzulearen eta artistaren arteko erlazioa, tresnen erabilera, konposizioa eta inprobisazioaren arteko mugen haustura, musika gordetzeko formatuak, soinua ulertzeko moduak, zuzeneko emanaldiaren kontzeptua bera… musika beraren helburuak eta bideak berritu egin direla dirudi, baina ez horregatik argitu edo zuzendu.

60ko hamarkadan John Cage, Morton Feldman eta bertze aunitzek proposatutako ideien revival gisako bat bizi dugula diote batzuek, baina gure perspektiba beraien ideietara orain ireki edo moldatu dela pentsa dezakegu. Eta, beharbada, horixe da egoera askotariko honen ondorioetako bat, gaur egun bizi garenok dugun perspektiba. Aldaketa hauek guztiek musikaren historiaren ikuspegi berri bat eskaini baitigute, eta ondorioz hau sustengatu duten zutabeak aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera berri bat, paisaia berri bat. Etengabe aldatzen doan paisaia berri bat.

Entzun ditzagun bada, bere ikuspegiak eta aztertu bere ertzak. Ikas dezagun inguruan duguna aditzen. Azken finean, ez badugu berdin entzuten, ezin izanen baitugu berdin pentsatu. 


—Xabier Erkizia


zehar53.pdf — PDF document, 1309Kb
Document Actions